LOALDIA UMEETAN
Loaldiak zati garrantzitsua hartzen du umearen bizitzan. Loaren trastornoak nahiko usuak dira ume txikietan eta kasurik gehienetan arazo horiek larriak ez izan arren, egia da endreduak sortzen direla familietan. Komeni da horregatik umearen loaldiari dagozkion zenbait ezaugarri ezagutzea, alteraziorik gerta ez dadin irizpideak markatzea eta pediatrari kontsulta noiz egin behar zaion jakitea.
Orrialde honetan ondorengo puntuei buruzko argibideak aurkituko dituzu:
* LOALDIAREN TRASTORNORIK ARRUNTENAK
** LOEZINA (INSOMNIOA) OHITURA DESEGOKIENGATIK, SONANBULISMOA, BRUXISMOA ETA SOMNILOKIA
** GAUEKO IZUALDIAK ETA AMESGAIZTOAK
* NOIZ EGIN BEHAR ZAIO KONTSULTA PEDIATRARI.
Jaioberriak loaldiaren erritmo laburragoa dauka ume koskortuagoak edo pertsona helduak baino. Horrek esan nahi du lo/esna egoteko zikloak egunean hainbat bider errepikatzen direla ume jaioberrietan, 4-6 hilabetekin loaldia/begira erritmo hori 24 ordukoa egiten den arte (erritmo zirkadianoa). Hilabete gutxi dituen umeak aurrena loaldi aktiboa edukitzen du (begien mugimenduak, hots txikiren bat edo beste, keinuak ahoan, gorputzadarren mugimenduak), eta horren ondotik loaldi lasaia dator. 4-6 hilabetetik aurrera loaldiaren faseak ume handi samarragoaren edo helduaren faseen antza hartzen hasten dira, eta bertan bereizten dira lehendabizi lau fase, loaldi lasaiaren baliokideak direnak eta ondoren beste fase bat begietako mugimendu azkarrekin, ametsen faseari dagozkionak, eta une horretan esnatzen bagara amets horiek gogoratu egingo ditugu.
Garrantzi handikoa da jakitea loaldi normala bitartan ume guztiak (eta baita helduak ere) esnatu egiten direla, denbora laburrez noski, eta konturatu ere egin gabe berriro lotan jarraitzen dutela. Baina esnaldi horiek zenbait kasutan luzeagoak dira, eta umea esna dagoela konturatzen denean berriro lokartzeko lagungarri gertatzen zaizkion osagaiak eska ditzake.
Umeek lo egin beharreko ordu-kopurua aldatuz doa adinaren arabera eta baita ume batetik bestera ere. Erreferentzia gisa ondorengo koadroa proposa genezake:
ADINA |
GAUEKO LOALDIA (ORDUAK) |
SIESTAK (ORDUAK) |
LOTAN EMANDAKO ORDUAK GUZTIRA |
1 HILABETE |
8,5 |
8 |
16,5 |
6 HILABETE |
10.5 |
4 |
14.5 |
12 HILABETE |
11 |
2.5 |
13.5 |
BI URTE |
11 |
2 |
13 |
LAU URTE |
11 |
0 |
11 |
ZORTZI URTE |
10 |
0 |
10 |
HAMABI URTE |
9 |
0 |
9 |
HAMASEI URTE |
8 |
0 |
8 |
ZENBAIT AHOLKU EDO GOMENDIO UMEEK ONGI LO EGIN DEZATEN
Errutina moduko bat ezarri umea txikia denetik: bainua, afaria edo gaueko hartualdia, ondoren elkartruke afektibo edo jolaserako denboraldi bat logelatik kanpora, eta azkenik umea oheratu, lo har dezan. Ez da umea lo dagoela oheratu behar, edo sehaskan kulunkatuz lokartu, amaren ileari helduz edota norbait umearen ondoan geratuz loak hartu arte. (Ez ahaztu umeak lotura horiek eskatu egingo dituela, pertsona heldu baten, normalean amaren, presentzia eskatuz berriro ere lokartzeko, esnaldi luze samarrak baldin badauzka). Behin umea bere sehaskan jartzen denean agur esan eta alde egin behar litzateke normaltasun osoarekin. Komeni da umeak bere sehaskan objektu mugikorrak, pelutxeak eta arriskurik gabeko bestelako objektuak edukitzea, berriro ere loak hartzen lagunduko diotenak, esnaldi luze samarrak badauzka.
Ez kezkatu hilabete gutxi dituen zure umea hartualdiaren ondotik lo geratzen baldin bada. Ohera ezazu normal-normal, ia seguru egon gaitezke-eta ez duela arrazoi horregatik loaldiaren trastornorik edukiko. Hiru edo lau hilabete baino gehiago baldin baditu, gauez askotan esnatzen bada eta bularretik edo biberoitik oso gutxi hartzen badu, litekeena da umeak titiburua edo tetina zupatu beharra edukitzea, lokartu aurretik finkatutako lotura gisa. Horren susmorik edukiz gero, zoaz pediatrarengana.
Zure seme-alabak kolikoak edo sabeleko minak baldin badauzka, egokiena umea artatzea da, egunero estimulu desberdinekin ibili ordez. Kolikoak jota dauden umeetako askok loaldiko trastornoak edukiko dituzte ondoren, koskortuagoak direnean, gurasoek ez dakitelako arazo hori iragankorra dela, hiru hilabeteko kontua gehienez jota ere, eta gerora ere umeak gauez egiten duen edozein hots edo mugimendu normalen aurrean, oso kezkatuak egon ohi dira. Zure seme-alabak kolikoak eduki baldin baditu eta hirugarren edo laugarren hilabetetik aurrera lo hartzeko zailtasunekin jarraitzen badu, gurasoen presentzia eskatuz, pediatrari kontsultatzea komeni da.
Umea tenperatura egokia duen gela batean oheratzea komeni da (17-20ºC), bat-bateko heriotzaren prebentziorako arauak errespetatuz.
Ez da batere gomendagarria umeek gurasoekin batera lo egitea ohe berean, itomenagatiko heriotzaren arriskua dagoelako.
3-4 hilabete egin ondoren, ahal bada behintzat, komeni da umeak bere gelan lo egitea. Hori posible ez denean, umearen espazioa nolabait finkatu eta bereiztea komeni da, gurasoen gelaren barruan dagoela ere.
LOALDIKO TRASTORNORIK ARRUNTENAK UMETAN
OHITURA DESEGOKIENGATIKO INSOMNIOA:
Ohitura desegokiak izan ohi dira arrazoirik usuenak. Gauez sarritan esnatzen diren umeak izaten dira, berriro lokartzeko gurasoen presentzia eskatzen dutenak.
Tratamendua umea berrezitzea da. Ez da inoiz lo-eragilerik ezta lasaitzailerik eman behar, eta emaitzak oso onak izaten dira. Hain arrunta den trastorno honen prebentziorako biderik onena loaldi egoki bat lortzeko emandako aholku eta gomendioei kasu egitea da.
Ume sonanbulua bere ohetik jaiki eta lo dagoen bitartean beretzako ohizkoak eta normalak diren jarduerak egiteko gai da. Trastorno hau agertzeko adinik usuena 4-8 urte bitartean da, eta normalean bere kasa desagertzen da adoleszentzian. Sukarrak, lo-faltak eta zenbait medikamentuk trastornoa martxan jar dezakete. Ume hauetan arriskuak gutxitu eta ebitatzeko estrategiak ezartzeko medikuari kontsulta egitea komeni da.
Edota umea lo dagoen bitartean hortz-karraskaren soinua. Ez da beti izaten umeak parasitoak (txitxareak) dauzkalako. Zenbait kasutan ortodontzista batengana joan beharko da hortz-piezen desgastea ebitatzeko.
Umeak lo dagoela hitzak esaten ditu. Ez da inolako arazoa bezala hartu behar, eta ez dauka tratamendu beharrik.
GAUEKO IZUALDIAK
Aurreneko orduetan agertzen dira, normalean. Umea urduri dago, asaldatua, negar eta oihu egiten du, izerditan dago eta erraz antzeman daiteke angustiatua dagoela. Gaueko izualdietan, sarritan, umea ez da ezertaz ere gogoratuko, eta beraz ez zaie behin eta berriz galdetu behar, gertatu zaiena kontatuko diguten esperantzaz. Intsistituz gero, umea aztoratu eta nahastea besterik ez dugu lortuko. Gaueko izualdiak amesgaiztoetatik bereizi behar dira: azkenak gauaren azkenaldera agertzen dira gehiagotan, eta umea gai da amets-gisako horretan bizi izan duena kontatzeko. Gaueko izualdiak umeen % 3ari afektatzen diete, 4tik 12 urtera bitartean batez ere, eta bere kasa konpondu eta desagertzen dira adoleszentzian. Hauek ere sukarra, lo-falta, eta nerbio-sistema zentralean eragiten duten botika eta medikamentuen ondorioz abiarazi edo martxan jar daitezke.
Beldur-esperientzia batekin lotuak dauden ametsak izan ohi dira, normalean umea esnatzen dutenak. Amesgaiztoa amets luze bat izaten da jeneralean, gauaren azkeneko herenean gertatzen dena. Umea esnatu egiten da, kontziente dago jeneralean, eta amestu duena kontatzeko gai izaten da. Amesgaiztoak nahiko arruntak dira (3 urtetik 6ra bitarteko umeen % 10-50ean ematen dira) eta adinarekin gutxitzeko joera dute. Hala ere ume-talde txiki batek jarraituko du amesgaiztoak edukitzen adoleszentzia pasa ondoren ere, eta psikoterapia behar izateraino irits daitezke.
GAUEKO IZUALDIEN ETA AMESGAIZTOEN ARTEKO DIFERENTZIAK
GAUEKO IZUALDIAK |
AMESGAIZTOAK |
|
| GAUAREN ZEIN UNETAN | AURRENEKO ORDUAK | AZKENEKO ORDUAK |
| AMETSA GOGORATZEKO GAITASUNA | OSO GUTXITAN | SARRITAN,ETA XEHETASUN HANDIZ GAINERA |
| BESOEN ETA HANKEN MUGIMENDUAK, IZERDIALDIA, ETAB. | OSO SARRITAN | OSO GUTXITAN |
| ESNATZEN BALDIN BADA | UMEA NAHASTUA DAGO | ORIENTATUA DAGO ETA AMETSA XEHETASUN OSOZ KONTATZEN DU |
LOALDIKO BUTXAKETAZKO APNEAREN SINDROMEA
Loaldian butxaketazko apneak (hau da arnas etenaldi luze samarrak) dauzkaten umeen ezaugarriak ondorengoak dira:
Arnas hartzean etenaldiak egiten dituzte, 6 segundotik gorakoak ume txikietan eta 10 segundotik gorakoak ume handi samar eta adoleszenteetan.
Zurrunga gogorrak.
Arnasa aho irekiarekin hartzen dute.
Arnasa hartzeko bularraldeko muskuluek eta diafragmak lan asko egiten dute (bularra "hondoratu" egiten da).
Amigdalak eta begetazioak normalean baino tamaina handiagokoak izaten dira sarritan.
Egunez, berriz, sintomarik ohizkoenak izaten dira:
Suminkortasuna, kontzentrazio-falta eta zailtasunak eskolan.
Portaera hiperaktiboa
Logura
Nekea
Pisua (eta taila) behar baino gutxiago irabaztea
Buruko minak goizez
Loaldiko butxaketazko apnearen sindromea ume koskortuagoetan eta adoleszente obesoetan ere nahiko arrunta da.
Arazo larria da beti ere, Loaren Unitate batean aztertu behar litzatekeena. Egoera honen susmoa edukiz gero, pediatrarekin kontsultatu, eta gomendagarria da oso umearen loaldia bideoan grabatzea. Tratamendua kirurgikoa izan ohi da (amigdalak eta begetazioak erauztea).
Alterazio hau ez da batere arrunta. Bizitzaren bigarren hamarkadan hasi ohi da, 14 urterekin batez ere, eta bere ezaugarri nabarmenena gehiegizko logura da, umea iraupen laburreko (10-20 minutuko) siestak oso maiz egitera behartuz. Horrekin batera ager daiteke baita kataplexia (bat-batean indarra galtzen da beso eta hanketan, emozio edo zirrara fuerteen eraginez, baina konorterik galdu gabe; horrek gutxi irauten du, eta errekuperazioa erabatekoa izaten da) eta bestelako trastornoak ere, esaterako haluzinazioak eta loaldiko paralisiak.
Umearen loaldiko arazoak familiaren martxa normala nahasi eta aldrebesten dutenean pediatrari kontsulta egin behar zaio, baina kontsulta-arrazoirik usuenak ondorengoak dira:
Hogeita hamar minutu baino gehiago behar ditu lokartzeko oheratzen denetik.
Gauez esnatzea, gurasoen presentzia eskatuz.
Amesgaiztoak sarritan edukitzea.
Logura eta nekea egunean zehar. Kontzentrazio-falta eta hiperaktibotasuna.
Zurrungak, arnas etenaldi luzeekin (apneekin), eta arnas hartzeko nekearekin loaldia bitartean.